2018(e)ko abenduaren 20(a), osteguna

IRTEERA, EUREKA ZIENTZIA MUSEORA!

Kaixo denoi!!
Urteko azkenengo Zapatublai zela ospatzeko, txangoan, Donostiako Eureka Zientzia Museora joan ginen!
Zaldibarretik Donostiarako bidaia denok elkarrekin autobusez egin genuen. Museora iritsi ginenean bi taldetan banatu eta animalia ezberdinak ikusteko aukera izan genuen.  Hauetako batzuk ikutzeko aukera ere izan genuen. Askotariko animaliak ikusi genituen, sugeak, igelak, dordokak, eskorpioiak eta baita kaimanak ere!
Animaliak ikusi ondoren, indarrak hartzeko merienda jan genuen. Ondoren, zientzia museoa ikustera joan ginen. Bertan, txoko ezberdinak bisitatu genituen eta bertan izan ginen etxera itzultzeko ordua iritsi zen arte. Egun polita izan zen zapatukoa. 

Hurrengo Zapatublain ikusiko dugu elkar! 
Gabon zoriontsuak pasa!!











2018(e)ko abenduaren 6(a), osteguna

JOLAS EZBERDINAK


Aupa Lagun!!!

Asteburu honetan Zapatublairi hasiera emateko ZIRKO-TAILERRAREKIN kalera irten ginen. Jolas berriak izan ziren guretzat , baina oso dibertigarriak, errepikatzeko modukoak.  Jolasean hasi eta berehala euria hasi zen, beraz, geletara sartu behar izan ginen. Hala ere, barruan geundela jolas ezberdinak egiteko aukera ere izan genuen. Beste batzuek aldiz, PISSLA tailerra egitea nahiago izan zuten.
Bakoitzak gehien gustatzen zitzaion ekintza egin eta gero, merienda hartzeko ordua iritsi zen. Tripa ondo bete eta pixka bat deskantsatu ostean … zirkuitu eta  pasabide bat sortu genuen. Pozik ibili ziren haurrak zirkuitutik igaroz.
Egunarekin amaitzeko, haur guztiak dantzan jarri genituen eta Euskarazko abesti ezberdinen koreografiak ikasteko aukera izan genuen!

Hurrengo Zapatublain Donostira egingo dugu irteera, Eureka Zientzia Museora hain zuzen ere! Bertan ikusiko garelakoan … ondo segi!











2018(e)ko azaroaren 26(a), astelehena

EUSKARALDIA ZAPATUBLAIN

Kaixo kaixo!!!

Asteburu honetan ere itzela izan da zapatublai! 
Denok elkartu, eta eguraldi onaz gozatzeko, zelaian jolasean ibili ginen. Ondoren, gorputzak mugitzeko aukera bikaina izan genuen eta kantuan eta dantzan zoratzeko aukera izan genuen!! Euskaraldiko abestiaren koreografia ere ikasi genuen.
Arratsaldea ondo amaitzeko, globoekin jolastu eta denon artean Euskaraldiaren hasiera ospatzeko, koloretako mural polit politak egin genituen! Norbere sormena eta barruan dugun artista ateratzea lortu genuen!
 
Egun zoragarria izan zen berriz ere! Hurrengora arte!





2018(e)ko azaroaren 13(a), asteartea

ESKULANAK

Kaixo denoi!!

Pasa den zapatuan ere gustura ibili ginen zapatublain. 
Arratsalde lasaia igaro genuen oraingoan. 
Zapaturo bezala, lagunekin eta hezitzaileekin jolasteko eta ondo pasatzeko aukera izan genuen. Horretaz gain, norbere sormena dantzan jarriz eta denbora emanaz, eskulan ezberdinak egiteko aukera izan genuen. Batzuk artilezko panpinak sortu zituzten, beste batzuk liburu markatzaileak eta besteak eraztunak.  

Eguraldiak lagunduta, lagun giroan arratsalde zoragarria pasa genuen. 

Hurrengora arte!







2018(e)ko urriaren 23(a), asteartea

BINGOA!


Kaixo lagunak !

Asteburuan, eguraldi onak lagunduta, jolasean hasi genuen arratsaldea belar gunean,  harearekin, tizekin, talde jolasak egiten… gustora gustora.

Gosetu ginenean merienda jan genuen guztiok batera. Indarrak hartu ostean Bingoari ekin genion.
Bingo berezia izan genuen oraingoan. Zenbaki, irudi eta kolore ezberdinekin betetako bingo bat izan zen. Guztiok batera, txiki zein nagusi, mahaietan jarri ginen bakoitza bere txartela eskuan zuela eta jolasari ekin genion. Oso dibertigarria izan zen eta primeran pasatu genuen denok elkarrekin.
Arratsaldeari  bukaera polita emateko aulkien jolasean aritu ginen.

Arratsalde bikaina  pasa genuen.

Hurrengo zapatublairarte lagunak !












2018(e)ko urriaren 8(a), astelehena

HASI DA ZAPATUBLAI!


Kaixo lagunok!

Urruti geratu dira udako  oporraldiak, baina horrek ez gaitu triste jarriko. Udazkenarekin batera Zapatublaiko arratsalde dibertigarriak etorri zaizkigu. 

Larunbat honetan izan dugu lehen kontaktua denok elkarrekin eta talde polita sortu dugu denon artean. Zapatublaitarrok indartsu hasi dugu ikasturtea, ginkana interesgarri batekin. Herria ezagutzen aritu ginen pista eta froga artean, taldeka. Ondoren, nekearen osteko indarberritze prozesuari ekin genion ogitarteko goxoak janez. Saioa bukatzeko  txoko desberdinetan aritu ginen bakoitzaren nahiaren araberako ekintza desberdinak burutzen; hala nola, eskulanak, talde jolasak, mahai jolasekin jolasean, etab. Arratsalde polita pasa genuen eta oso gustura aritu ginen lagun berriak eginez. Hurrengo saiorako gogotsu gaude honezkero. 

Hurren arte lagunok!









2018(e)ko ekainaren 20(a), asteazkena

URRIRARTE...ONDO IZAN!

Eguraldia lagun izan genuenez azkenengo eguna kanpoan jolasean hasi genuen, arearekin, jolasekin, baloiekin, mikrofonoak egiten...
Baina, ikasturteko azken eguna zenez, jaialdi berezia izan genuen. Jaialdiarekin hasi aurretik ordea, merendola batekin indarrak hartu eta karaokean eta dantzan hasi giñen! 

Batzuk aurpegia margozten zeuden bitartean besteak dantzan aritu giñen arratsaldea bukatu arte! Eguna lehertuta bukatu genuen baina datorren ikasturterako gogoekin!

Opor onak izan eta datorren ikasturtean ikusiko gara!